Gasteizko lorezainek ez dute enpresaren proposamena onartu, eta greban jarraituko dute
Berriro bildu dira Gasteizko lorezainak eta Enviser enpresa Precon, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzuan, eta berriro ere akordiorik gabe amaitu dute. Horrenbestez, lorezainek greban jarraituko dute; dagoeneko lau hilabete irauten ari da lanuztea.
Hiru aste zeramatzaten bi aldeak batzartu gabe, eta gaur goizean bildu dira greba batzordeko ordezkariak Enviser enpresakoekin—hura arduratzen da Gasteizko lorategiak eta parkeak mantentzeaz—. Haatik, batzarrean ez da «aurrerapauso esanguratsurik» eman, ELA, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez. Hiru sindikatuek salatu dute enpresak «zertxobait» aldatu egin duela 2026rako eta 2027rako mahai gainean jarrita zuen eskaintza, eta 2028rako egindako proposamena Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuorderzak egindakoa baino «eskasagoa» izan dela. Azken eskaintza hori «bereziki larria» dela iritzi diote, izan ere enpresak adierazi du Gasteizko Udalaren erantzukizuna dela urte horretarako soldata igoerari eta lanaldi murrizketari mugak ezartzea.
[articles:2144226]
Gaur goizean Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, adierazi du akordioa ezinbestekoa dela, «ulertezina» delako greba bat hainbeste luzatzea. Era berean, ziurtatu du proposamen bat egon dela mahai gainean, eta sindikatuek baztertu egin dutela «kalkulu politikoengatik». Adierazpen horiei erantzun diete lorezainek: «Ulertezina dena da Gasteizko Udalak hurrengo kontratuan bere gain hartuko dituen hobekuntzei muga bat jartzea».
Atxikimendu sinadurak
Hilabete hauetan guztietan herritarrengandik jasotako babesa eskertu dute lorezainek, eta iragarri bihar goizean udal bulegoetan erregistratu egingo dituztela gasteiztarren artean bildutako atxikimendu sinadurak. Goizeko 10etan aurkeztuko dituzte sinadurak.
Ekainaren erdialdean, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak, eta lorezainei agindu zien hiriko parke handienetako eta errepide bazterretako belardiak mozteko. Orain, gutxieneko zerbitzu horiek eraztun berdean ezartzeko agindu du gobernuak, baina sindikatuek salatu dute neurria, ez dagoelako gutxieneko zerbitzuen aginduaren barruan. Uste dute udalaren eta enpresaren asmoa ez dela gatazka konpontzea, «euren baldintzak langileei ezartzea baizik».