Itsasotik ibairainoko elkartasun oihua
Aldarri ezagunak dio ibaitik itsasoraino izango dela aske Palestina, eta gaur, Bilboko itsasadarraren inguruan, itsasotik ibaira ekarri dute elkartasuna ehunka lagunek. Urez aritu dira asko: tamaina guztietako 120 ontzi inguruk osatu dute Santurtzitik Bilborainoko itsas martxa; beste asko, berriz, oinez, Bilboko Udaletxe aurretik abiatu den giza kate batean. Uretan zein lehorrean ozen entzun dira palestinarren genozidioa salatzeko garrasiak eta Israel boikotatzeko eta zigortzeko eskaerak, baina ororen gainetik izan da sentipen bat, besarkada bat oihu bihurtzeko itxaropena. Mezu argi bat igorri nahi izan baitute antolatzaileek: «Palestinako herria ez dago bakarrik. Gure ontziak ez dira keinu sinboliko hutsak, oihu bat ere badira, isiltasun konplizearen aurka urak zeharkatzen dituen oihua».
Joan den asteburuan Bartzelonatik Gazara abiatutako Global Sumud Flotila babesteko helburua izan du gaurko martxak. Kantauri itsasotik ere elkartasuna adieraztea, Gazako blokeoa hausteko indarra helaraztea. Horregatik deialdi nagusia itsasadarrean eginda zegoen, baina ontzirik ezean, mila lagun baino gehiago batu zaizkie lehorrean ere. Eguerdirako ordu laurden baten faltan jada gainezka egon dira Bilboko Udaletxearen inguruak: Palestinako sarraskiak eragiten duen gaitzespenaren eta amorruaren seinale.
Udaletxeko zubia gurutzatu eta Itsas museorantz abiatu dira, ilaran, Sumud Flotilla aurrera. Sionismo kriminala! Stop holokaustoa! Palestina aske! lelodun pankartaren atzetik. Palestinako banderak eta kufijak izan dituzte, eskuetan eta mastetan ez ezik, sorbalda gainean, haurren orgatxoetan, elastikoetan, ikurrinei lotuta, karteletan... Hala, ordubetez gorriz, berdez eta beltzez tindatu dute ibaiertza, Zubizuriren eta Zirgarien albotik igarota, Guggenheimen Ama eskulturaren erraiak zeharkatuta eta Deustuko zubiaren azpitik pasatuta; tarteka, turista, langile zein paseatzaile batzuen konplizitate keinuak eta aldarriak irabazita. Euskalduna jauregira iristerako, giza katea jada ez da ilaran ibili, baizik eta manifestazioan, jendetza elkartuta.
«Oso hunkigarria»
Eta Itsas museoan ere berrehun bat lagun izan dituzte zain, txaloka. Itzalpean atseden hartu ondoren, barandak inguratzen hasi dira, ontzien zain, sakeletakoetara Santurtzitik, Portugaletetik eta Barakaldotik iritsitako argazkiei eta bideoei begira. Izan ere, Santurtziko portuan ere eguerdian izan dute hitzordua; hainbat lekutatik iritsi dira ontziak eta bertan elkartu dira, itsasadarrean sartzeko. «Segurtasunagatik distantzia gorde behar da uretan, baina dena oso zainduta egon da. Oso harro gaude antolatzaileekin», kontatu dio Ana Casconek BERRIAri. «Oso hunkigarria» izan da martxa uretan ere: «Ibaiertzean jende asko egon da gure zain. Portugaleten gaur festetan zeuden, eta buruhandiak ere agertu dira banderekin. Barakaldon, Periko Solabarriaren omenezko muralean bildu dira, eta hura gogoratzeko aprobetxatu dugu. Eta Bilbon espero baino askoz jende gehiago egon da».
Hain justu, lehorrean txistuek eta irrintziek iragarri dute lehen ontziak agertu direla Olabeagan. Arraunean iritsi dira lehenik traineruak, eta atzean piraguak; ondoren ikusi dira laketontziak eta belaontziak, txalupa txikiak, kayak surf taulak, turistentzako ontzi handiak, baita ontzi puzgarriren bat ere, batzuk elkarri lotuta, eta denak Palestinako bandera soinean. Lehorretik txaloka egin diete harrera, eta ontzietatik ukabilak igota eskertu dute. Ontzi guztiek ziabogan buelta eman eta itsasorako bidea hartu bitartean, «Palestina askatu» aldarriak ozen entzun dira ordu erdi luzez.
«Isiltasuna eta neutraltasuna konplizitatea dira. Europak ezin ditu giza eskubideak aldarrikatu, munduaren aurrean genozidioa onartzen duen bitartean»
Palestinaren aldeko itsas martxaren antolatzaileak
Amaieran, antolatzaileek komunikatu bat irakurri dute Karola garabi historikoaren itzalpean. Israel Gazan egiten ari den «holokaustoa» salatu dute, «herri oso bati» gerra deklaratu diolakoan: «Palestinar herria suntsitu nahi du, bere identitatea eta kultura ezabatu, existitzeko eskubidea ere ukatuz». Horren guztiaren aurrean isiltzea aurpegiratu diete Europako gobernuei, eta merkataritza akordioak zein arma salmentak mantentzea: «Isiltasun eta neutraltasun horiek konplizitatea dira. Europak ezin ditu giza eskubideak aldarrikatu munduaren aurrean genozidioa onartzen duen bitartean».
Hala, Israelgo Estatuarekiko harreman guztiak etetea eta blokeoa amaitzea galdegin dute. «Gure itsas martxak isiltasunaren eta axolagabekeriaren blokeoa hausten du. Guk hautatzen dugu Palestinarekiko elkartasuna adieraztea, justiziaren eta askatasunaren alde egotea». Ildo horretan, Euskal Herriak elkartasun hori «oztopatu» egiten dela gaineratu dute, asteon Espainiako Vueltaren Bilboko etapa amaieran gertatua gogoan. Eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateari, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari mintzatuz itxi dute ekitaldia, txalo artean: «Indarkeria ez da kalean protesta egitea. 60.000 palestinar baino gehiago erailtzea, horixe da indarkeria».